viernes, 4 de octubre de 2013

Historia apur bat: ziklo baten amaiera eta beste baten hasiera

Ez dakit zenbat urte eman ditugun Antonianoen kiroldegian. Asko. Ez nago seguru, baina 2004ean edo 2005ean hasi nintzela uste dut. Ziklo hori amaitu da. Watatsumi Aikido Kultur Elkartearentzat amaitu da, baina, bereziki, niretzat amaitu da. Oro har, gustura ibili gara, baina, beharbada, hasieran hobeto azken urteetan baino. Zer dela eta? Galdera horri erantzuten zail da. Harreman pertsonalagoa geneukan Karmele Aerosporteko arduradunarekin. Kirol sektoreko profesionala da Karmele, eta guri gauzak ondo ateratzea nahi zuen. Ulertu egiten gintuen. Ulerkorra zen. Ikasle bakar bat izan nuen hasierako hilabeteetan, eta Karmelek ez zuen inoiz ere txintik esan. Kexarik ez nion sekula entzun. Libreago ibiltzen nintzen. Badaude hainbat arrazoi, baina ez naiz horretan luzatuko.

Duela hiru bat urte, krisiaren ondorioz, ikastetxeari alokatzen zizkion aretoak utzi behar izan zituen Karmelek. Eta gauzak korapilatu egin ziren. Ikastetxeko gerentearekin hitz egin eta negoziatu behar izan nuen. Baina ez neukan argudiorik: berdin zitzaion kale gorrian geratzen baginen. Nola negoziatu beste alderdiari zure egoera bost axola bazaio? Hasieran, lekua ere ez zigun bermatzen. Eta batetik bestera joan nintzen praktikatzeko lekuaren bila: Kirol Patronatuko gerentearekin (udal kiroldegia) eta ikastolako norbaitekin hitz egin nuen, eta La Salleko gerentearekin bildu nintzen, baina alferrik. Inork ez zuen interesik agertu. La Sallen, 30 € eskatzen zizkiguten orduko, duela hiru urte!

Azkenean, Antonianoen kiroldegian geratu ginen, baina zenbait ondoriorekin: alde batetik, alokairua altu samarra zen; beste batetik, kezka berbera izango genuen urtero (han jarraituko ote genuen?); eta azkenik, eta zalantza barik okerrena, umeen klasea galdu nuen. Ikastetxeko orduko zuzendariak eta kirol arduradunak uko egin zioten nirekin hitz egiteari, umeen ikasturteko azken klasea ikusteari, aikido egitea umeentzat zer onuragarria den entzuteari. Aitzakiaren bat zeukaten beti beren interes falta ezkutatzeko. Nik aikido ikasleen artean sustatzea nahi nuen, baina ez nuen lortu. Izan ere, orduan, Antonianotan izan ezik, Zarauzko beste ikastetxe guztietan eskaintzen zitzaien judo haurrei. Karmele joan eta hurrengo ikasturtean, gauzak aldatu ziren. Gaur egun, Antonianotan ere judo klaseak ematen zaizkie bertako ikasleei.

Urte hauetan, aguantatzea lortu dugu, baina behin baino gehiagotan tokatu zait nire poltsikotik dirua jartzea. Ez dut dirutza egin nahi aikidori esker. Baina ez dut dirurik galdu nahi eta ezin dut dirurik galdu. Ikastaroetara joateko eta prestakuntzarako zerbait aterako banu, konformatuko nintzateke. Horrekin konformatzen naiz. Eta gauzak horrela, halako batean, beste leku batera joateko aukera sortu zitzaigun, eta ez nuen birritan pentsatu.

Iraila hasita zegoen, eta urteko hastapen ikastaroaren erdian geunden. Urrian joatea erabaki nuen, eta ikasleek aho batez onartu zuten. Astelehena iraileko azken eguna zen, eta hortaz, azken eguna Antonianotan. Izan ere, iraileko alokairua ordainduta zegoen. Eta herenegun, asteazkena, 2013ko urriaren 2an, lehen klasea egin genuen Euromar Pilates-en.

Tatamiko gure gauzak jaso genituen: O’Senseiren erretratua, bokkenak, joak… Argiak itzali eta atea azken aldiz itxi nuen. Eta ez nuen ezer berezirik sentitu. Dutxatu eta aldagelatik irten nintzen, eta atzera begiratu gabe, garbitzaileei agur esan eta kalera atera nintzen. Asmatzen ari ginen seinaletzat hartu nuen sentsazio hori.


Nik aspaldi ezagutzen nuen gure praktika leku berria, han ematen baititugu umeen klaseak. Aurten, hirugarren ikasturteari eman diogu hasiera Ion Iriartek eta biok, eta pozik gaude: ia ez dago aikidokatxiki gehiagorentzako lekurik! Hala ere, zalantza neukan helduen klaseko ikasleek zer-nolako erreakzioa izango ote zuten leku berrian. Apur bat txikiagoa da, bai. Ez dago tatamirik, xafla mehe batzuk baizik. Baina altuagoa da. Buki waza egin ahal izango dugu! Azken batean, zerbait galtzen dugu, baina irabazten duguna askozaz garrantzitsuagoa da.


Klasea amaitu zenean, agurra egin baino lehen, iritzia galdetu nien. Denak gustura azaldu ziren. Argi dago: Euromar Pilates gure etxe berria izango da.

Argazki batzuk ikusi nahi dituzu? Sakatu hemen!